XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Beraz, batez ere II motako zuntzetako PKr-ren erabilgarritasunaren jaitsierarekin batera ematen den ATPren birsintesi-maila beherakorra ez litzateke indar ekoizpena mantentzeko nahikoa izango, nekearen agerpena gertatuz (Greenhaff eta lank. 1996a).

Izan ere, PKr-ren erabilkortasunaren eta indarra ekoizteko ahalmenaren artean erlazio estuak daudela frogatu dute zenbait ikerlanek (Bogdanis eta lank. 1995; Bogdanis eta lank. 1996; Katz eta lank. 1986; Sahlin 1986).

Horrez gain, iraupen laburreko ariketa maximoan zehar nekea PKr edukiaren jaitsierarekin laktato kontzentrazio areagotu batekin baino erlazio estuagoa daukala iragarri egin da (Katz eta lank. 1986, Sahlin 1986).

Bestalde, goian aipatutako emaitzak eta lehendik literaturan agertutakoak (Sahlin 1986; Sahlin eta lank. 1979) kontuan izanik, 20 s-tik gorako uzkurdura jarraiaren muga PKr-ren erabileraren mailan datzala iradokitzea onargarria dela aditzera eman da, eta erabilera-maila agian ADPren fosforilazio mitokondrialaren mailaren araberakoa izango zen (Hultman eta lank. 1991).

Sprint baten osteko PKr-ren birsintesi-maila, hain zuzen ere, gaitasun aerobikoaren adierazgarri den 4 mmol-1-1-ko odol-laktato kontzentrazioari dagokion oxigeno-kontsumo maximoaren portzentaiarekin erlazionatuta dagoela frogatu da (Bogdanis eta lank. 1996).

Are gehiago, 5.Irudian adierazten denez, akidura eragiten duen uzkurdura isometriko (belaunaren luzapena) baten ondoren, ariketan zehar erabilitako PKr-ren birsintesirik ez da ematen gihar-zirkulazioa butxatu egiten denean (Sahlin 1986).

Aurkikuntza honek ariketaldi baten ostean ariketa berri bat egiteko gaitasuna berreskuratu ahal izateko prozesu oxidatzaileek duten garrantzia aditzera ematen du.